Hasieran burdina zen. Somorrostron «oso-osorik burdinazkoa zen mendia» harriturik ikusi zuten erromatarrek kontatu ziguten. Segurutik Plinio, hori dioena, inori entzundakoaz mintzo da eta horrelakoetan larregikerietara erraztxoago lerratzen da jendea. Baina zuzen zegoen mineral multzo eskerga zela esatean. Geroago, handik mende askotara, mila urte baino gehiagora burdina hau ustiatzen hasi ziren. Behe-labeetan erretzen zen egurrikatzarekin nahasirik. Eta hórrela Euskal Herria, kostako herrialdeak batik-bat, burdinolaz bete zen. Badakigu XIII. Mendean bazirela. Ordutik euskal labeetan beti erre izan da burdina. Gure artean  iraupide handienetakoa izan duen iharduera dugu. Eta guk geure gorabehera historikoak sortzeko, forjatzeko, eragin erabakiorra izan du. Burdina kenduz gero, ez legoke ezer ulertzerik.

Arraroa da. Beren izatea identifikatzeko gaur egun euskaldunek darabiltzaten herri-irudien artean  buridina ia inoiz ere ez da ageri. Beste hauek, ordea, ageri dira: arrantzaleak, baserriak, arrantzuntziak, artaldeak, jendea hiri handietako enparantzetako arkupeetan paseatzen, idiak harri itzelei tiraka, larruz jantziriko taldeak zanpantzarrak jotzen, nekazaritzako lanabesak, larreak beti berde, itsasoa haitzak apurtu beharrik. Meatzeak eta burdina inoiz ere ez. Batzuetan, untziak Bilboko itsasadarrean. Goren jota ere, labe garaien irudi itzurkor bat, ezkerraldean ke-ta-ke zihardutenean. Burdinatik hurbilena da, olagizonen oroipen banakaren bat kenduz gero. Inoiz ere ez meatzaririk, oso bakanki auzune industrialik. Eta siderurgietako langileek lantegiak eraisteaz mintzatzerakoan soilik agertzen dira irudi publikoetan. Beste planeta batekoak, beste non edo nongoak, beste garai batekoak balira moduan. Lotsaraziko bagintuzte moduan.

Arraroa da. Izan ere, harrigarri gertatzen da Euskal Herria gehien berezi eta bere izatea ondoen eraskutsi duten lanbideekiko nabari den aihergatasuna. Arraroa da, zeren ezer ere ez bailitzateke berdin, mendeetan zehar meatzeak landu dituztenen lana gabe, egunean egunean minerala erauzi, zatitu, zaldigainera edo gurdira, edo airetiko tranbietara edo trenetara kargatu eta bide estuetan behera untziralekuetara, burdinoletara edo siderurgia modernoetara garraiatzeko lana gabe.

Ez ezkerraldea bakarrik; euskal ekonomiaren taupadek zenbait mendetan Triano menditik ateratzen zen mineralaren konpasera jo dute. Bizkai-Gipuzkoetako ibaietan eraiki ziren burdinoletan lantzen zen, ehundaka gizoni lana emanez. Behar ziren eta hantxe zeuden, halaber, minerala garraiatzen zutenak, ohianetan zuhaitzak mozten zituztenak, ikazkintzan zihardutenak, landuriko burdina errenterietara eramaten zutenak han saltzeko. Burdinaz hitz egin gabe ez dago Euskal Herriaren historia ulertzerik. Ezta beste hau azaltzerik ere, alegia, nekazaritza urria izan arren -uztarik oneneko urteetan ere, hemen hartzen zena nahikoa ez zelako, janariaren zati bat kanpotik ekarri beharra edukitzeraino izan ere- kostako herrialde biak populazio nabarmenki ugarikoak izatea. Landuriko burdina esportatzea, elikagaiak inpor tatzea: iharduera biok daude gure historiaren ekonomi erdigunean.

Zergatik ez da, orduan, gure herri-irudietan ia agertu ere egiten burdina? Zergatik dira ezkerraldeko meatzariak eta siderurgia eta metalurgietako langileak, dela bertsio historikoan dela gaur egunekoan, Euskal Herriaren parte lotsarazlea edo gutxi gutxiago? Ez da hau lekua horrelako fenomeno bereziaren azalpenetan sakontzeko. Baina seinalatu beharra dago, horren sustraian inoiz izan ez diren iragan idiliko eta harmoniatsuekiko lehenmina dagoela. Eta gure bizitza publikoko handi-mandiek borondatetsu diseinatzen duten Euskal Herri laketgarriaren iruditik hain urrun dagoen gatazkarik gabeko, garraztasun eremurik gabeko orainaldiaren nahikeria ere badago horren sustraian.

Aitortu beharra dago burdinaren inguruan eraiki ziren munduak irudi lirikoekin uztargaitzak direla. Horiekin burrukan daude. Ez datoz bat gaur eguneko baserrikeriazko oroipenekin, modernotasuna ixilduta amesten diren eta itzelezko arrakasta izaten duten Euskal Herri idealekin. Meategietako inguruek Bizkaiko paisaiarik apartekoenetakoak dira, beste gutxik du haiek bezalako indarrik. Baina ez dira, ez, laketgarriak, ezta desolaziotik iheska dabiltzan turistentzat aproposak ere, eta postal alaietarako ere ez dute balio. Gure fabrika ilun eta egitura mehatxagarridunak edo langile-herri eta auzuneetan nabari den histasuna ere ez daude politikoek bisitari gailenei erakusteko gogokoen dituzten lekuen artean.

Eta fabrikako ofizio ezberdinetako langileek -begirada tinkodunak, buzoz jantzitako langile taldeak- ameskeria poetikoei eta zurikeria populistei muzin egiten dietenenek halako egonezin bat eragiten dute beren bizitza gureak arteztera dedikatzen dutenen artean, alde batekoak zein bestekoak izan artezlariok. Kezkatu egiten dituzte. Izan ere, gainera, arazoak ekartzen dituzte eta hau ez dute gustuko gure politikariek, nonbait ere komentziturik baitaude gizarte gatazkakor batean jaiotzeko zorte txarra izan dutela eta bestelako gizarte batean, agintarien gozamenerako egindakoan, beren neurria osososoan emango luketela. Baina hauxe da dagoen bakarra.

Dagoena ezkerraldea da, aparte dagoen mundu bat, baina Euskal Herri modernoa egin zen tokia ere badena; zail ger tzatzen da Nerbioi ibaiaren alde honetako meatzaldearekin daukagun zorra kalkulatzen. Zor ikaragarria da. Itsadarraren inguruan gestatu zen industrializazioa. Fabrikak eraikitze hutsa izan ez zen prozesu traumatikoa. Gizar te berri bat eta ekonomi berri bat eraikitzea ere izan zen, indar tsu eta oparotasunez biziz, bi horien eraginak laster gainditu zuelarik fabriken eremu neurtua. Dena aldatu zen eta Bilbo, Bizkaia, Euskal Herria modernatu egin ziren, ordutik Aurrera berauen perfil eta erritmoak labe garaietan gertzatzen zenak markatu zituelarik.

Mende eta erditan -XIX. mendearen erditik duela hogei urtera arte – Euskal Herriaren ezaugarri nabarmen bat hazteko eta beste herrialde batzuetatik etorririko jendea hartzeko gaitasuna izan zen. Hamar urtetik hamar urtera zentsu demografiko guztiek populazio hazkuntza garbiak erakutsi zituzten, beste inon parerik izan ez duen fenomenoa berau iraupen eta intentsitateagatik; 1990era arte etenaldi bakar batik gabe, saldo guztiak aurreko hamarkadakoak baino handiagoak dira. Etengabeko jario hau, burdinak elikatua, izan da gure gizartearen fisonomia anitz eta bariatua, beronen ezaugarri berezi eta utziezina dena, gestatu duena.

«Somorrostroko mendia, Euskal Herriko burdinolak bertan lantzen den burdingaiaz gehienbat hornitzen dituena, Bilbotik hiru lekoatara dago Mendebalderantz eta Bizkaiko Jaurerriko Enkarterrietan  dagoen Somorrostroko San Juan hiritik lekoa erdira Hegomendebalderantz. Mendi honek, nahikoa garaia den arren, beherakada biguna dauka, udan oso deserosoa ez dena; baina neguan etengabeko euriteek basatzak egiten dituzte, trafikoa zeharo galerazi edo behinik-behin oso arriskutsu bihurtzen dutenak». Hitz horiez deskribatzen zuen Fausto Elhuyarrek Bizkaiko meatzalderik inportanteena 1783ean. Ehun urte geroago Somorrostroko burdinak, Euskal Herriko burdinolak lehengaiz hornito zituenak, Antzinako Erregimenean buruturikoak bezain erabakiorrak ziren funtzio ekonomikoak betetzen zituen. Elhuyarrek azaltzen zuen bezala, meatzaritzak zituen arazoetako asko desagertuak ziren. XIX. mendearen erdialdera Bizkaiko meategien ustiaketa sistematikoak egiten hasteak suntsitu zituen arazook, Ingalaterrako labe garaiei lehengaia zerbitzatzen hasi zenean.

1855ean altzairua erdiesteko Bessemer prozedura asmatzea izan zen akuilukadarik handiena Britania Handiko industriariek Bizkaiko meategiez interesa zitezen. Bessemer prozedurak mineral konkretu bat, fosfororik gabeko burdina, behar zuen eta Bizkaiko meategiek ugari zuten mineral hori eta baldintza onetakoa zen ustiatu eta Britainia Handira esportatzeko; mineral aberatsa zen, kostatik hurbil zegoena eta hemen, ingelesen ikuspuntutik, lanesku merkea zegoen. Eta horrela XIX. mendearen hirurogeiko hamarkadan Bizkaiko meatzaldea antolatzen hasi zen siderurugia ingelesa minerales hornitzeko, eta geroago baita Frantzia, Belgika edo Alemaniako labe garaiak hornitzeko. Siderurgia modernoa hornitu ahal izateko Bizkaiko burdina erauzteko erabakia, horretara, Bizkaiaren bilakaera historikoan eta hedapenez Euskal Herri guztikoan izan den gertaerarik erabakiorrenetako bat dugu. Burdingaia ateratzea hemengo ekonomiako enpresa nagusi bilakatu zen. 85 bat milioi tona burdina atera ziren atzerrira Nerbioi ibaiko untziralekuetatik mendea bukatu aurretik.

Horretarako antzinako Jaurerriaren geografi eta giza paisaia eraldatu beharra egon zen. Trenbideak hedatu egin behar izan ziren meatzeak portuarekin lotzeko, baita hau trafiko berrira egokitu eta meatzaritza erraztuko zuten instalazioak eraiki ere: kiskaltzeko labeak, airetiko tranbiak, garbitegiak… Beste alde batetik, lanesku berriak, aldez kanpotarra zenak, itsasadarraren ezkerraldeko supostu sozial eta demografikoak aldatuko zituen; herri asko handitzea eta meatzen ustiapenerekin loturiko langile klasearen agerpena gure historiaren giltzarri diren alderdietako batzuk azaltzen dituzten fenomenoak dira.

Baina meatzetan lan egitearen ondorioak ez ziren meatzaritzako enpresa itzelak berak ekarri zituenak bakarrik izan, horrek aldaketa ikusgarriak ekarri arren. Burdinaren salmentak kapital jario handia sortu zuen eta horrek Bizkaia kapitalismo industrialaren eremuan bete-betean sartzea ekarri zuen. Kapital hori bertoko siderurgian, untzienpresetan, bankan, negozio hidroelektrikoetan eta abarretan inbertitzeak beste ezerk baino eragin handiagoa izango zuen Bizkaia herrialde industrial izatera heltzeko. Gure garapena, hamarkada askotan, burdingaiz kargaturiko untzien itsasoratzeak markaturiko erritmoan dantzatu zen; hauxe da, izan ere neurri handi batean, Bizkaiaren sustraia eta izateko arrazoia. Burdinaren salmentak sorturiko aberastasuna, bada, ez zen egun bateko lorea izan. Kapitala erabiltzeko modua eskaini zion gizarte berriaren baitan sustraiak bota eta fruitua eman zuen. Hark emandako bultzada erabakiorra hartua zuen Bizkaiko ekonomiak bere garabide modernoan segitu ahal izan zuen, baita minerala urritzen hasi zenean ere.

Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko siderurgi espezializazioa 1855ean hasi zen. Duela 140 urte jarri zen han, urteak joan urteak etorri Bizkaiko Labe Garaiak izango zirenaren hazia. Interesgarria da gure garapen industrial modernoari hasiera emango zion erabaki hori zer nolako giroan hartu zen jakitea. Garai hartan burdinolak bertan behera uzten ari ziren euskaldunak, britainiar iraultza industrialekin norgehiagoka egiterik ez zeukatelako. Era horretan, ezabatu egiten zen Euskal Herriko ekonomia tradizionalaren funtsezko osagaietako bat. «Gure herriaren hondamendia da», «gure bizi-eren suntsipena da»; garai  horretako kronikak erostaz beterik daude. Garai baten bukaera zen eta behinbetiko hondamendia ez ote zen beldur zen jendea.. Ez zen hori izan. 1841az geroztik lehengo olagizon batzuek makineria berria sartzen  hasi ziren, era modernoan. Egurrikatzaz baliatzen segitzen zuten, baina Euskal Herrian burdinaren industria ez zela amaitu iragartzen zuten. Aitzitik, urteak iragan ahala teknika berriak, Europan arrakasta zutenak, inportatzen zirela zioten berriak gero eta ugariagoak dira. Giro horrexetan instalatu zen lehenengo fabrika Nerbioi ibaiaren ezkerraldean.

Ybarra Hermanos y compañia-ren ekimena izan zen. Meatzari eta merkatari familia bat zen Ybarratarrena, Guriezon (Kantabria) metalurgia txiki bat ustiatzen zuena, Nuestra Señora de la Merced izena zuena. Alde honek burdinaz hornitzeko eta ekoizkinak ateratzeko komunikabide eskasak zituenez gero, itsadarraren ondoan, Nerbioi eta Galindo ibaien biltokian lantegi berri bat eraikitzea erabaki zuten. Desiertoko lursailak erosi zituzten, paradisua zirudien lekua orduan, Samaniegok hura deskribatzeko egindako bertsoek diotena sinetsiz gero, gure Samaniegok hangoxe karmeldar ortozen komentuan bilatu baitzuen aterpea mende erdi lehenago Inkizizioa atzetik zebilkionean.

Horrela Nuestra Señora del Carmen fabrika eratu zen. Erabaki hau oso garrantzitsua izan zen. Ezkerraldeko aldakuntzei eta hango siderurgi espezializazioari hasiera eman zien. El Carmen lantegia harrikatza erabili zuen Euskal Herriko lehengo instalazioa izan zen, lehenengotan behe-labeetan. Eta 1872 aldera lehenengo labe garaia eraiki zuen, kokikatza erretzen zuena. Gerra karlista zela eta, 1876an zena alegia, enpresak bere lanak eten behar izan zituen. Eta gerraondoan, guduaren suntsipenak benetan tragikoak izan ziren arren, gure herrian berriro ere pesimismoa nagusitzen ari zenean, gure historia garaikideko fenomenorik harrigariena gertatu zen. Bat-bateko hazkunde ekonomikoa hasi zen. Milaka langile etorri zen Bizkaiko meatzeetara lanean. Hiru bat mila baporeraino itsasoratzen ziren urtero  Nerbioi ibaitik burdinaz kargaturik Europako Iparraldeko portuetara. Izen exotikodun sozietateak istalatu ziren Bizkaian, hemengo izena eta kanpoko deitura zutenak: Franco Belge des mines de Somorrostro, Orconera Iron Ore Co. Ltd., Luchana Mining, Triano Ore Co. Ltd., Bilbao River and Cantabrian Railway, Parcocha Iron Ore. Burdina ateratzeak baldintza eskasenetan bizi beharra zuen langile klase hasberri bat sortarazi zuen. Eta familia batzuk aberastu ere egin zituen. Haiek beren etekin oparoak inbertitzeak behinbetiko industri gorakada ekarri zuen.

1878an San Francisco fabrika eraiki zen, siderurgia berri bat. 1882an Vizcaya fabrika, labe garaiak ere eraiki zituena. Sestaoko hondartza zeritzonean eraiki zuten, itsasadarrak Galindotik beherako uretan eratzen zuen padura bat. 1882 berean, El Carmen eraldatu eta Bilboko Labe Garaiak eratu ziren, eta instalazio handiz hornitu. Eta, horretara, hiru siderurgiok Euskal Herrian egundaino egindako lantegirik printzipalenak izan ziren. Enpresal garapen nabaria bultzatzeko ahalmena izan zuten. Mendea bukatu aurretik hainbat metalgintza (Basconia, Iberia, Aurrera…) lantegi handien inguruan Bildu ziren. Itsadarra gizar te industrial berriaren nerbio bizigarri bihurtu  zen. Geroago, 1901ean, Bizkaiko Labe Garaiak (Altos Hornos de Vizcaia) eratzen ziren, Bilboko Labe Garaiak, Vizcaya eta Iberia fusionatuz sortuak. Urte batzuk geroago San Francisco enpresa ere enpresa-talde honetara bilduko zen.

Garai hartan itsadarrak gaur duen fisomania hartu zuen. Itsadarra, izan ere, gaur ezagutzen dugun moduan, gizakiak sorturikoa da. Premia berrietara moldatu beharra zegoen, Nerbioi ibaiaren arroak ments-akats inportanteak zituen eta. Ez zuen balio kukuka hasia zen trafiko handirako; eskuarki untzien batezbesteko karga 500 tonatik beherakoa zen, bolumen txikia etorri zetozen negozietarako. XIX. mendeko azken hamarkada bietan, denbora harrigarriro laburrean, Euskal herrian espazio fisikoa eraldatzeko ahaleginik handiena egin zen. Iradokiorra da XIX. mendearen amaieran Nerbioi ibaiak ageri zuen irudia. Ezkerraldean labe garai berriak eraikitzen ari ziren, egunero untzi piloa sartzen zen itsasadarrean barna mea-untziralekuetara. Hogei bat untzik zeharkatzen zuten barra egunero, marea goraren zain egon ondoren. Batzuek Bilbotik hurreko kaietara, obrak arroan zabaltzen ari ziren behin-behineko kanal zailetan zehar. Eta panorama nabar batean, gangilak, baporeak, gabarrak, garabiuntziak eta dragak itsadarraren tramu ezberdinak kondizioetan jartzeko prest ageri ziren.

Bizkaiko prosperazio industriala hasia zen, burdinaren eraldakuntzan ardazturik. Dena ez zen, alabaina, optimismoa. Langileak baldintza eskasen eta prekarioenetan bizi ziren, burruka-soka luze baten ondorioz, ez bestez, hobetuz joan zirelarik. Jendea elkargainka zegoen hiriguneetan, herri industrialak azkar handitu eta jendeztatu baitziren, dozenaka urtetan etengabe haziz joan zirelarik. Hantxe zeuden ziklo siderurugikoek izan zituzten hurrenez hurreneko krisialdiak ere. Eta hantxe zeuden, azken batean, garapen industrialak ez zuela oinarri sendorik uste zutenen ezkortasuna ere, irudituz dena zela Bizkaiko burdinaren balioa leku pribilegiatuan jartzeko gauza izan zen halako kasualitate historiko baten ondorio.

Eszeptizismo hau ongi adierazten du Vicente Blasco Ibañezek bere “El Intruso” nobelan, itsadarraren lehenengo une dirdaitsua deskribatuz eta haren azken latza iragarriz, honelaxe hara:

«Fortuna une batez pasako zen lurralde honetatik, beste herrialde batzuetatik bezala, ezer sendorik utzi gabe. Bilbok noizbait Italiako hiri historikoen itxura erakutsiko du nonbait, handiak izanik, mundua beren merkatalgoaren poderioz bete eta gaur egun beren iragan aintzatsuaren hilerri malenkoniatsuak diren horien itxura, alegia. Zutik Zabaluneko jauregiak geratuko dira nonbait, eta itsasadar miragarria, mundu guztiko untzidiaren zain dirudien portuarekin. Baina jauregiak huts-hutsik daudeke; Abrak, bere untzi banakekin, txori barik dagoen neurrigabeko kaiola baten handitasun tristea duke eta fundizioak, labe garaiak, zamategiak, hondakinak dirateke hautsitako tximinia eta guzti, hildako metropolietako bakardadea oraindik tragikoago bihurtzen duten koloma bakarti horien antzeko».

Hitz profetikoak eta gaurko eraispen aldiaren deskribaketa dirudite, fundizioak, labe garaiak, zamategiak, hautsitako tximinia eta guztiko hondakinen antzeko direnean. Baina, hitz hauek ia ehun urte geroago duten erakarpen ukaezina eta guzti ere, iragarpenak huts egin zuen. Blasco Ibañez erratu egin zen garapen industriala gauza iragankorra zela eta Bizkaiko burdinaren sorburua bukatzean ezabatu egingo zela suposatzean. 1899az geroztik, sei milioi tona mineral erauzi ziren urtea berau, Bizkaiak ekoizten zuen burdina beheraka hasi zen.

Baina ez zuen, horregatik, ekonomiak lur jo, meatzetako etekinen inbertsioak beste produkzio-plataforma bat sortua zuelako, garapenari zutik eusteko gauza zena. Apurka-apurka meatzari kopurua gutxituz joan zen, baina lantegi berriak, untzigintzak, metalurgiak, gauza ziren jada enplegua sortzeko. «Numen eskuzabal eta oparo batek zaintzen zuen Hiria. Herri aukeratuen destinoaz amets egin zuen: bizimodu gozatsu eta erraza izatea. Jauja? Jauja izan zen Bilbo»: horrelaxe egin zuen Julian Zuazagoitiak Bizkaiko ekonomiaren beste urrezko garai bat dugun I Mundu Gerrako urteetako industri oparotasunaren erretratua. «Itsadarra Espainiako gauzarik iradokiorrena da. Nik ez dut uste penintsulan ezer ere dagoenik hamalau edo hamabost kilometrotan zeharreko ibaibide horrek bezalako indar, lan eta energi inpresiorik ematen duenik»; Pio Barojaren hitzok, hamarkada batzuk geroago idatziak, berresten zuten ezen, mendearen hasieran suposa zitekeenaren aurka, burdinak sor turiko ekonomia tinko finkatua zegoela, meatzetako distira bizia iraungi ondoren ere bizirauteko gauza zela.

Horretara, ekonomi zikloen katea gertatu zen hemen. Mende hasierako atzerakada lehenengo katemailan, ondoren I Mundu Gerraren garaiko euforia eta ondoko estuasunak, hogeigarren hamarkadako urte zoriontsuak hurren, hogeita hamargarren hamarkadako ekonomi hondamendia gero, gerraondoko larritasun autarkikoak segidan, astiroko ekonomi zuzperketa hurren eta, azkenean, hirurogeiko hamarkadako garapenak ekarritako poztasunak –industri espazioa gainezka eginda, Bizkaiko enpresak Bilbotik gorako uretan instalatu zirenean–. Gero, Nerbioiaren ibaialdeak eraispenez, birmoldaketaz, industria zaharkituaz, gizarte zaharrez, berreraiki beharrekoaz, mintzo ziren hitz eta esamolde berriz bete zaizkigu.

Eta, egonezin eta pesimismoen artean, badirudi batzuetan historiaren amaiera heldu dela, burdinaren itsasadarrak bete duela bere eginkizuna eta historian sartu eta handik bi mila urtetara pospolu biztu bihurtzen da, bizitzeko beste garai bat eta veste mundu bat egokitu izana nahi izango zuketela diruditen alderdi eta politikari beldurtiek, erretzeko beldurrez, batak besteari pasatzen diotena. Baina ez dago beste garairik ez beste mundurik. Eta inoiz ere ez da izan ezer erraz. Horregatik bada lekurik esperatzarako. Gaur mende honetako labe garaiak desagertzen dira, baina denboraren joanean burdinak sorturiko gizartea geratzen da, hurrenez hurreneko egitura-krisiak gaindituz joan den mundua, katastrofismoak alde batera utzita, beti herri-indarra erakutsi duena.

Fidel Rasok liburu honen orrialdeetan erretratatzen duen historia da. Garai baten amaiera eta beste baten hasiera. Blasco Ibañezek iragarri zuen hildako metropoliaren inaugurazioa barik, Labe Garaien azken ke potoloa da deskribatzen dena, baita nola eraikitzen den gero altzairugintza berria, joan doakigun iragana eta etorri datorkigun geroa. Baina zikloz aldatzeak dramatikoak dira, ezbaiz beteak. Hor tik Bizkaiko siderurgiaren azken galdaldiaren irudiei darien isiltasuna, 140 urteko iraganari agur erdiragarria, ia mende eta erdi burdina garretan gori-gori Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko toki beretan. Amaigaitzak ziruditen hamarkadetan milaka eta milaka tona burdinak egindako etengabeko ibaiaren bukaera da. Hementxe amaitzen dira. Fidel Rasoren argazkiak jasotzen dute. Eta zirrara eragiten du langileen jite solemne eta bakartiak nola amaitzen den dena ikusten jarrita. Zeremoniarik gabe, agintaririk gabe, horiek ez dute atsegin amaieretako buru izatea. Tentsio handiko aragazkiak dira, baina egunerokotasunkutsu harrigarria darienak, ehundaka bider errepikaturiko egintzaren kutsua; operazio hori inoiz gehiago egingo ez dela jakiteak ez die kentzen ohituraren aztarna. Batzuetan gertaera historiko handienak eguneroko egintza bate, garrantzirik gabeko esperientzia batek sinbolizatzen ditu. Hauxe da horretariko bat.

Argazkiotan hainbat urtetan itsadarreko ezaugarri izandako siderurgiako keen despedida ohargabea ere badago. Eta gure ekonomiari eutsi dioten fabrika-egiturak nola doazen eraitsiz ere agertzen da. Argazkilari bat lekuko bakar. Baina gehiago ere badago; hantxe daude faktoria zaharregi baten irudi hits eta beti miresgarriak ere. Instalazio batzuen fisonomia prekarioa erakusten digute. Eta argazkiok berenez eta besterik Gabe azaltzen dute zergatik datorkien Bizkaiko Labe Garaiei amaiera. Atzerakuntza teknologikoa analizatu eta gauza horiek azaltzeko erabili ohi diren termino fatal eta kakofonikoez, zaharkitu, zahartasun, zahartze hitzez, paperak betetzen dituzten ekonomi azterlan lantsuek baino askoz hobeto egiten dute hori. Horretara nola heldu den ongi asko diosku gehiago inoiz trenik igaroko ez den trenbidea koipeztatzen ari den langilearen argazki jenialak. Inori ere ez zitzaion gogoratu lan hori jada alferreko zela abisatzea. Amaiera zentzuduna antolatzen ere ez zen jakin.

Baina altzairugintzako obren inaugurazioa ere badator: bertan politikarien talde handi hori ageri da, horiek hain asko izatea kontraste nabarian dagoelarik Bizkaiko historiaren epoka baten itxieran ageri diren langileak hain gutxi izatearekin. Inauguratzaileak taldekaturik daude, iguripen bitxi batekin; hotz direla ematen du. Garaien seinalea da: etorkizun ziurgabeko obrak abiaraztea. Ez dago langilerik inaugurazioan, ez dira argazkian ageri. Politikariak eta agintarien automobilak gidatzen dituzten eta haien zain patxadatsu dauden txoferrak bakarrik. Gure garaiko ohiturak dira etorkizunari kurika jartzean.

Baina gero liburu honek etorkizuna jasotzen du: altzairugintza nola eraikitzen den erkusten duten irudi zoragarri horiek. Hemen irudiak iragan mendeko grabatuak ematen dute, dena posible zenekoak eta gure mundua eraikitzen hasi zirenekoak. Habe berrien atzean labe garaiak eraiki zituzten herriak daude. Fidel Rasok fabriken inguruak ere erretratatzen ditu eta honako hauek intuitzen dira, alegia, aldi baten amaierak, gure ekonomia eraiki, suntsitu, eta berreraikitzen duten eta azkenean determinatu egiten gaituzten jario ulertezinak, sorturiko elkargainketa eta etsipena. Indar metafisiko antzeko horiek, gizabanakoak beraiengan eragina izateko eta ulertzeko ahalbideari ere itzuri egite diotenak. Baina, azken batean, bada arrazoirik etorkizunean sinesteko. Ziurgabea da, noski, baina zein etorkizun ez da izan ziurgabea?

Burdinaren haziak beste zorigaiztoko une batzuetan ere eman zuen fruitua: XIX. mendearen hasieran, mineralaren lan tradizionalak hondatu zirenean eta denak behinbetiko porrot egiten zuela zirudienean; gerra karlistaren amaieran, herrialde ilunbetsu, banatu eta esperantzarik gabekoa zirudienean; mende honetako gure industriaren historia zipristintzen duten hurrenez hurreneko krisialdietan; gose eta gabetasunaz egina zen azken gerraondoko larritasunetan. Eta orain geuri bizitzea egokitu zaigun kinka larrian, Fidel Rasok plasmatzen duenean ere bai. Burdina, fabrikak, beti izan dira lan kolektiboa eta horregatik ezin zaio etsipenari lekurik eman. Egia da jada ezer ere ez dela berdin izango eta garai baten amaierak lehenmina sortarazten duela. Baina, azken batean, azti-pronostikoak eta pesimismoak gaindituz beste une batzuetan bere orainaldia berreraki duen giza espazio bat daukagu. Horixe da egokitu zaigun egitekoa eta, depresiozko abaguneez eta egitura-hondamendiez handik, burdinak ereindako gizarteenergiak geratzen zaizkigu. Latzagoetatik ere irtendakoak gara.

Arrazoi du Fidel Rasok. Burdinarekin hasi zen dena. Mehatzetatik oroimenak baino ez dira geratzen, liburu hau irekitzen duten lurreko arrakalak. Meatzeak eta meatzariak izan ziren eta gero ezabatu egin ziren eta fabrikak geratu ziren. Orain siderurgia historikoa doakigu eta etorkizuneko altzairugintza eraikitzen da. Beste epoka bat. Horregatik liburu honek une historiko eta erabakior bat erretratatzen du. Bizi duguna. Isladatu beharra dago. Baina iraganari ere argazkia egiten dio eta etorkizunera kurika ari da. Eta giza ahalegina, herri-esperantzak, azterkatzen ditu. Burdinaren haziak.

Manuel Montero
Euskera Itzulpena: Juan Luis Goikoetxea

SEMILLAS DE HIERRO

Es un documento gráfico que recoge 122 fotografías de Fidel Raso, que ilustran con imágenes inéditas, en la más pura tradición del fotoperiodismo, los momentos claves del proceso de demolición de la cabecera de Altos Hornos de Vizcaya. El libro, fue cuidadosamente editado para asegurar una reproducción fiel de todos los matices de las imágenes en él recogidas, utilizando para ello los procedimientos técnicos propios de la edición a color, a pesar de tratarse de fotografías en Blanco y Negro.